Taldeak

Lee Fields & Expressions


60ko hamarkada amaieratik, katalogo oparo bat osatu du jatorria Ipar Carolinan duen abeslari honek. Katalogo horrek hainbat estilo bateratzen ditu gainera; besteak beste: funka, bluesa eta Hegoaldeko soul garaikidea.

70. hamarkadan eratu zen abeslari honen zaleen talde nagusia, funk-aren zale amorratuen artean, diskoetxe txikientzako grabatu zituen single sail bati esker (bere ibilbide osoan, Lee Fieldsek dozena bat diskoetxerentzat egin ditu grabazioak), eta single horiek, denborarekin, oso objektu estimatuak bihurtu dira, bildumazaleentzat bereziki. «Little JB» ezizena ipini zioten, begiratua, kantatzeko modua eta groovea Mr. Brownen parekoak zituela.

90eko hamarkadan berriz ere suspertu zen, arnasa betean aritzen zen soul-blueseko abeslari bihurtuta. Ezusteko ikaragarria izan zen Hegoaldeko zirkuituan, eta emakumeak urtu egiten ziren bere musikarekin. Mundu hori txiki geratu zitzaion hamarkada bukaeran, aldi berean deitzen baitzioten hip hopetik eta rare grooves-etatik, eta publikoa berriz ere bere izena erreibindikatzen hasi bait zen, single berriei esker, gordintasunean eta indarrean 70etako maila berdintzen zutenak, eta baita gainditu ere.

Problems-etik hasi (2002) Emma Jean arte (2014) grabazio bat bestearen atzetik egin du Lee Fields-ek, eta hala, Sharon Jonesen maila berean jarri da bere generoan, hots, musika beltzaren susperraldian. Eta batek Dap-Kings daukan bezala euskarri-banda gisa, besteak, The Expressions talde bikaina dauka.