Taldeak

Willis Drummond

“Tabula Rasa” willis drummond taldearen bosgarren estudioko lana da. Lau urte iragan dira haien aurreko diskoa -A ala B (Bidehuts, 2012)- kaleratu zutenetik. Baionatik Berlineraino edo Cadizeko Supersonic aretotik Pariseko Olympia mitikoraino 200etik gora kontzertutan defendatu zuten lan hura. 2014 urte bukaeran berriz, taldeak eten mugagabea iragarri zuen hamar urteko ziklo bat hetsiz.

Bi urte beranduago “Tabula Rasa” berpizte baten ikurra da.

willis drummond ez da sekulan izan atzerako ispilura begiratzen duen taldea eta ez du urrezko arorik bilatu iraganean. Lan berri honetan, 90. hamarkadako eszena independente eta alternatiboak –Seattle, Washington, Boston, Irun–, 80etako post-punka tarteka edota Dead Boys bezalako taldeen hasieretako punk-rocka ere sentitzen ahal dira. Baina hori dena asimilatu eta liseritua izan da azkenean gehiago hurbiltzeko The New Christs, Beasts of Bourbon edo The Drones bezalako taldeen produkzio australiarretara.